top of page

Shin'ichi Watanabe "Nabeshin"

Shinichi “Nabeshin” Watanabe anime zuzendari eta bikoiztaile japoniarra da, Excel Saga edo El gran Sushi bezalako telesaien atzean egon dena, eta, gutxi barru, Monster High-en adaptazioa zuzenduko duena, baita Musculman-en bertsio berri bat ere. Nabeshin, Yui Kanan bezala, Getxoko III. Manga Azokako gonbidatu berezietako bat izan zen, eta Japoniatik etorri zen zuzenean ez bakarrik hitzaldiak eskaintzera, baizik eta ideiak biltzera ere. Kanan bezala, Nabeshin ez daki ez gazteleraz ez euskeraz; beraz, Hajime jaunak izan zen, berriz ere, Nabeshinen hitzak itzultzeko arduraduna asteburu osoan zehar.

 

 

Nabeshin bi aldiz igo zen Getxoko Manga Azokako eszenatokira. Lehenengo aldian, Nabeshinek bere buruari buruz baino ez zuen hitz egin: izan ere, bere burua nabarmentzea gustatzen zaiola esan zuen bere hitzaldian zehar, baita elkarrizketan ere.

 

Nabeshin oso pertsona barregarria da. Bere hitzaldian zehar, barre-algarak Hajime jaunaren esaldi guztiekin batera entzun zitezkeen. Hala ere, Nabeshinek bere lanari buruzko gauza asko esateko gai izan zen, txistez mozorrotuta egonda ere. Hasiera batetik utzi zuen argi zer-nolako zuzendaria den bera: umoreari ematen dio garrantzi handiena, eta gagak dira haren lanen ezaugarri nagusiak, gehienbat zentzugabeko txisteak. Bere ustez, benetako bizitzan ikusten ez duguna barregarria eta dibertigarria da, eta hori da bere lanekin bilatzen duena gehienbat.

 

Watanaberen ezaugarri nagusiena, ordea, bere irudia da, eta irudi horretaz harro dagoela adierazi zuen hainbatetan. Ez da ohikoa japoniar batentzat afro orrazkera eramatea, eta are gutxiago bere janzkera cosplay-a bada edonora doala ere —izatez, daramatzan arropak Lupin III telesailaren 

 

protagonistarenak bezalakoak dira, baina berak dio Lupinek daramatzala bere arropa eta ez alderantziz—. Baina Nabeshini gustatzen zaio nabarmentzea, begiradak erakartzea; horregatik, bere lan ia-ia guztietan, bere ohorez izendaturiko pertsonai bat aurkitu daiteke, bere antz handia daukana ere, eta Nabeshinek berak bikoizten duena. “Nabeshin agertzen bada, Nabeshin bera baino ezin da izan”, esan zuen hitzaldian.

 

Baina hitzaldi osoa ez zen haren itxurari buruz izan. Nabeshinek bere lanari buruz ere hitz egin zuen, eta nola ulertzen duen berak lan hori. “Animazioa sortzeko, bihotz garbia behar da, ikusbera; baina, hala ere, konplikatua da”, adierazi zuen zuzendariak. Nabeshinek animazio-akademia batean ikasi zuen, eta pixkanaka-pixkanaka, anime-zuzendaria izatera heldu zen. Hala ere, ez da mota honetako zuzendarien jarraibideetara mugatzen, eta animazioari bere ikutua ematearen garrantzia azpimarratzen du: “Zuzendariek sortzea eta aldatzea dute gustuko. Manga baten animea egiten dudanean, jatorrizko lana aldatzea gustatzen zait. Ezberdintasunak ikustea dibertigarria dela uste dut”.

 

Oso zuzendari balioanitza da Nabeshin. Bere lanetan, mota guztietako gaiak jorratzen ditu, eta horiek guztiak lan berean uztartzea gustatzen zaio, umorea beti garrantzi handia baldin badauka ere. Hala eta guztiz ere, eskemetatik kanpo mugitzea nahiago du, eta gaiak zeintzuk diren gorabehera, edonork goza ditzakeen lanak sortzen saiatzen da beti. Dena den, Japonian gehien jorratzen diren generoez nazkatuta dago jada —tokusatsu-a, gehienbat: efektu bereziez jorratutako telesailak, Power Rangers-en modukoak—, eta ez litzateke inoiz arituko mota horretako telesail batean lan egiten. Hala ere, esan zuen tokusatsu-a Hollywoodera eramatea gustatuko litzaiokeela. Izan ere, japoniar kulturak mesfidantza kutsu bat dauka oraindik afroekiko, eta, horregatik, gustatuko litzaioke beste herrialdeetan lan egitea, non afroak ohikoak diren, eta, beharbada, berari buruzko telesail bat egin bertan. Bere helburua “Nabeshin mundu” bat sortzea dela errepikatu zuen behin eta berriro, eta, horretarako, mundu osora heldu behar da bere lana, eta bertan arrakastatsu izan.

 

Eszenatokira igo zen bigarren aldian, Nabeshin ideia bila ibili zen bere hurrengo proiekturako pertsonaiak aurkitzeko. Horretarako, igandean cosplay-z jantzita zeuden guztiek haien aukera izan zuten filmatutak izateko eta, etorkizunean, Nabeshinen lanen baten parte izateko. Horrela, barre-algarak sortu zituen borroka baten ostean, Basque Ranger-rak jaio ziren, Euskal Herriko super heroiak, baita haien etsai sutsuak ere, haien lurrak konkistatu nahi zutenak. Nabeshinek gidatuta, bi alderdietako kideak aktore bihurtu ziren eta labur bat filmatu zuten, non bost Basque Rangerrek —Basque Red, Basque Blue, Basque Yellow, Basque Pink eta Basque Black— haien etsaiak menderatu zituzten, Euskal Herria salbatuz. Pertsonai hauek, esan bezala, anime baten parte bihurtuko dira etorkizunean, baina hori da Nabeshinek eman zuen informazio guztia.

 

Hona hemen Nabeshini egindako elkarrizketa, non bere buruari buruz hitz egiteko oso prest agertu zen, baina ez hainbeste bere hurrengo lanei buruz.

 

bottom of page