top of page

Yoshi Hioki "Japoniar Ipuinak"

Larunbataren arratsaldeko txanda Yoshi Hioki kontalariak ireki zuen. Japonian jaioa izan arren —Osakan, hain zuzen ere—, Bartzelonan bizi da gaur egun, eta bertoko unibertsitatean Arte Ederretako lizentziatura lortu zuen. Horrez gain, Associació de Narradores I Narradors-en (ANIN) bazkidea da ere, eta jarduera kultural anitzetan hartzen du parte, mintzalari zein irakasle gisa; besteak beste, Bartzelonako Museo Etnologikoan edo Casa Asian.

 

Hioki protagonista izan zuen ekitaldiak “Japoniar Ipuinak” deitu zen, eta, bertan, kontalariak Getxoko bisitariei eskaini zizkien japoniar kulturako hainbat istorio ezberdin, japoniarrek haien herrialdean kontatzen dituzten bezala, janzkera tipikoa eta guzti. Hiokik kontaketa horiek erritual batean bihurtu zituen, non abestiak japonieraz, dantzak eta entzuleekiko elkarrekintzak nagusitu ziren, askotan, ipuinaren beraren gainetik. Japoniar folklorea gaztelerara hain modu barregarrian eramateko gaitasun horrek publikoaren txaloak bereganatu zituen, Azokan zeuden pertsona gehienak hari entzuten baitzeuden, eszenatokiaren inguruan.

bottom of page