top of page

Relevo Games "Bideojokoen mundua" 

Igandeko lehenengo hitzaldia Jon Cortázarren partetik etorri zen, Relevo Videogames bideojoko konpainiaren zuzendari dena. Relevo Videogames PlayStation zertifikazioa lortu duen lehenengo bideojoko-konpainia euskalduna da, eta Cortázarrek konpainiaren ibilbidean oinarritu zuen bere hitzaldia, konpainiaren hasieratik PlayStation zertifikazioa lortu zuen arte.

 

 

Cortázarrek kontatu zuen arabera, Relevo Videogamesek egin zituen lehenengo bideojokoak aintzinako ordenagailuentzat ziren, enpresa nahiko berria den arren. Hau egiteko arrazoia oso sinplea zen: Relevo Videogamesen lan egiten zuen jendearen pasioa retro jokoak dira, eta aintzinako ordenagailuentzat jokoak egitea erronka handia izanda ere, haien grina zailtasuna baino handiagoa suertatu zen. Beraz, retro bideojokoak garatzeari ekin zioten, eta horiek argitaratzera ere heldu ziren, aintzina erabiltzen diren zinta berberetan.

 

La Corona Encantada bideojokoak markatu zuen enpresaren hasiera. Bideojoko honen karatula egiteko, 80ko hamarkadan bideojoko-karatulak egiten zituen artista espainiarrarik garrantzitsuena bilatu zuten, eta hura arduratu zen lanaz.

 

Joko honen kalitatea ez zegoen kutxan bakarrik, ordea; La Corona Encantadak nota bikainak jaso zituen RetroGamerren, retro jokoen aldizkaririk garrantzitsuenetakoa mundu mailan. Arrakasta honek nazioarteko ospea eman zion konpainiari.

Horrez gero, konpainiak profesionalizatu egin zen eta, retro jokoak alde batera utzita, advergamingean murgildu ziren: hau da, publizitate moduan sortzen diren bideojokoak. Behin mundu honetan sartuta, haien lehenengo bideojoko profesionala sortu zuten: Kar Snatchers, Karealde izeneko kontsesionarioarentzat egindako joko txikia, non estralurtarrak markako kotxeak abduzitzen saiatzen diren, haien kalitatearen berri dutelako. Doaneko jokoa zen, eta sariak jaso zezaketen jokalariek. Geroago, ordea, advergameak eta haien grina retro jokoak sortzeko bat egin zuten Azzurro 8-bit Jam bideojokoarekin, Azzurro Rock Pub-entzat egindako bideojokoa.

 

Momentu honetan, Relevo Videogamesek posizionamendua zeukan bai retro jokoen zein advergame jokoen munduan, eta langileek pausu bat haratago joatea erabaki zuten, gaur egungo plataformentzat bideojokoak garatuz. Garai berri bat hasi zen konpainiarako, eta agertu zen lehenengo idea BaBoon! izeneko jokoa izan zen. Mugikorrentzako joko sinplea izan arren, eta idea garapen gutxi bazuen ere, joko euskaldun onenaren saria jaso zuen Alhóndigan. Hala eta guzti, eta saria jasota ere, BaBoon! ez zen argitaratu: konpainiak oraindik ez zekien mugikorrentzako jokoak ondo programatzen, autodidaktak zirelako eta oraindik ikasteko gauza asko zeudelako, eta itxaron nahi izan zuten haien “opera prima” merkaturatu baino lehen.

 

Beraz, hainbat proiektutan murgildu zen Relevo Videogamesek BaBoon!ekin zer egin erabaki bitartean. Mission: Euskadi eta British Bob Jumping Craze atera zituzten, Euskadi ezagutzeko jokoa eta BaBoon!en elementuak sinplifikatzen zituen joko txikia, hurrenez hurren.

 

 

British Bobekin mugikorren mundua ulertzera hurbildu ziren, eta “infernu” bat dela ikusi zuten. Jokoak ez zuen ikuspenik izan publizitatean gehiegi gastatu ez zutelako, eta ia ez zen saldu. Mobilekiko lilura desegin egin zen eta, horrez gero, erabaki zuten BaBoon! mugikorretan ez zutela atera nahi. Beraz, proiektua alde batera geratu zen berriz ere.

 

BaBoon! berriz ere azaldu zen jendaurrera Sonyk Relevo Videogames bisitatu egin zuenean, ordea. Bideojokoari buruz interesa agertu zuen konpainia handiak, eta BaBoon!en inguruko erakusketa bat eskatu zien Madrilen egiteko. Haien joko kutuna PlayStation Vitan agertzeko aukera zeukan, baina, lehendabizi, joko osoa berregitea beharrezkoa zen, PlayStation Vitaren grafiko, kontrol eta abarretara adaptatzeko. Hala ere, ondo atera zen guztia, eta Relevo Videogamesek PlayStation zertifikazioa lortu zuen.

 

Behin jakinda BaBoon! kontsola batera helduko zela, argi izan zuten unibertso oso bat nahi zutela, istorio garrantzitsu batekin, baina hori lortzea ez zen erraza: gidoigintzako lan izugarria behar zen, diseinu 

berriak, ilustrazioak, pertsonaiak... Baina, hau guztia aurrera eramateko, enpresa handitu behar izan zen kontratu berriekin, estudio handiago batekin eta jende gehiagorekin.

 

Emaitza ezin hobea izan zen, ordea: azkenean, gidoirik gabeko jokoa izan behar zena 18.000 hitz izan zituen, 50 pertsonai ezberdin bakar baten ordez eta oinarrizkoa baino objektu sorta askoz handiagoa. Ilustratzaile japoniarrekin lan egin zuten, baita konpositore japoniar ospetsu batekin ere: Hideyuki Fukasawa, Street Fighter IV-ren soinu-banda sortu zuena, besteak beste.

 

Behin bideojokoa amaituta, ordea, Europan zehar banatzeko prestatu behar izan zuten. Bost hizkuntza ezberdinetara itzuli egin zen BaBoon!, eta itzulpen oso landuak bilatu ziren ere, non izen propioak ere egokituak izango ziren, hizkuntza guztietan txisteak ulertzeko modukoak izateko. Itzulpena egin zuten neskak esperientzia zuten jada joko handiekin, Xenoblade Chronicles bezala, eta Cortázarren hitzetan, lan itzela egin zuten.

 

Prestakuntza osoa amaituta, bideojokoa frogatu zuten pertsonek ziurtatu zuten joko-esperientzia ona eta dibertigarria zela. Marketingari dagokionez, PlayStation Europako web orrialdeko lehenengo orrialdean agertu zen BaBoon! joko nabarmen gisa, baita Bernabéu estadioko pantailan ere. Gainera, BaBoon! konpainiaren lehenengo bideojokoa da PEGI kalifikazio batekin, mugikorreko bideojokoak horrelakorik ez dutelako behar. Cortázarrentzat, hau oso garrantzitsua izan zen, “benetako” joko batean lan egin zuelaren sentsazioa areagotu baitzuen.

 

Relevo Videogamesek egin nahi zuen jokoa egitea lortu du, azkenean. Cortázarrek ez daki zer-nolako arrakasta izango duen haien produktua, baina, haren hitzetan, konpainiak irabazi du jada, asko ikasi baitute proiektu honetatik. Ez dakite zer dagoen haien etorkizunean, baina haiek ikasten jarraitzeari ematen diote lehentasuna.

 

BaBoon! amaituta dago jada, eta 2015ko urtarrilaren 28an argitaratuko da PlayStation Vitaren lineako dendan, PS Store.

bottom of page