top of page

2014ko Getxoko Manga Azoka

2014ko azaroaren 15ean eta 16an, III. Getxoko Manga Azoka ospatu zen. Getxoko Manga Azoka Euskal Herrian mangaren inguruan aurkitu daitekeen gertakizun bakarrenetakoa da eta, urtez urte, mundu hau maite dutenei eskaintzen zaie aktibitatez beteko asteburu bat azaro edo abendu inguruan, non hitzaldiak, komiki dendak eta ikuskizunak nagusi diren.

 

 

Getxon, Komiki eta Manga Azokak 13 urtez ospatu dira jada; hala ere, 2012. urtera arte, bi Azokak ez zeuden banatuta. Egun beretan ospatzen diren, eta, askotan, baita karpa berean ere, mangaren zatiaren kalterako. Izan ere, komikia beti mangaren gainetik gailentzen zen, eta, karparen barruan, Spider-Manek Gokuk baino askoz indar eta presentzia handiagoa zeukan beti. Azokak banatzeak, beraz, begirada guztiak mangan fokatzea ekarri du, kategoria honetako zaleen poztasunerako.

 

Urtero bezala, Azoka Areetako Plaza del Ajedrez-en kokatuta zegoen, Areetako metro-geltokiaren irteeran. Gertakizun honen antolatzaileak Motsukora, Chikara eta Tarasu elkarte euskaldunak izan ziren, aurten Tarasu erakundeak antolatzaile nagusia izan bazen ere. Elkarteek, Getxoko udalak eskainitako diru-laguntzekin, urtero saiatzen dira ahalik eta gonbidatu eta gertakizun hoberenak ekartzen eta mota guztientzako zaleei arrazoiren bat ematen haiek antolatutako Azoka bisitatzeko eta gozatu ahal izateko.

 

Edizio honetako gonbidatu nagusiak, ordea, ohikoa dena baino askoz garrantzitsuagoak eta ospetsuagoak izan dira: alde batetik, Shinichi “Nabeshin” Watanabe anime zuzendaria, eta, bestetik, Yui Kanan cosplayer japoniar famatua. Getxon zeudela, Nabeshinek bi hitzaldi eman zituen —bigarrena, hitzaldia baino, show bat izan bazen ere—, eta Yui Kananek, berriz, hitzaldi bat eta DJ sesio bat eskaini zituen.

Horretaz aparte, beste gonbidatu batzuk ere egon ziren aurtengo Azokan, hitzaldiak eskaini edo gertakizunak aurrera eraman zituztenak ere: Juan Carlos Pérezek “Japoniara bidaiatu” deitutako hitzaldia eman zuen, Eguzki Atera Berriaren herrialdera bidaiatzeko aholkuak biltzen zituena; Yoshi Hioki kontalariaren “Japoniar ipuinak” deitutako ekintza,  japoniar kulturaren folkloreko istorioak gaztelerara ekartzen zituena; Relevo Gamesen “Bideojokoen Mundua”, non enpresaren ibilbideari buruz hitz egin zen, PlayStation lizentzia lortu zuten arte; eta, azkenik,  Raúl Fortes, “Guía para ver y analizar el viaje de Chihiro” bere liburuaren edukiari buruz hitz egin zuena. Hau guztia, noski, “Attack On Games” kontzertua ahaztu barik, non rock talde batek haurtzaroko telebista saioen abestiak interpretatu zituen, taldearen estilo pertsonalean joak.

 

Hala ere, eszenatokian baino, askok postuen artean mugitzea nahiago zuten. Postu gehienak dendek okupatzen dituzte, non komikiak, merchandising-a —manga lan ezberdinei buruzko produktuak, alegia— eta bestelako produktuak erosi ahal diren, baina postu batzuk beste motatako ekintzen betetzen zituzten. Adibidez, maid café bat —mirabe kafea— egon zen Azokan guztian zehar funtzionatzen, non mirabez jantzitako neskak edaria eta janaria zerbitzatzen zuten. Horrez gain, Azokak artistei txoko bat eman zien Artist Alley deitutako postuan, baita Lansatec-ek erakutsi zuen 3D inprimagailuei ere.

 

 

Ekitaldiak eta dendak ez ziren izan Azokak eskaintzen zituen egiteko bakarra, ordea: asteburu osoan zehar, jende guztia ikusteko modukoak ziren erakusketak egon ziren karpatik sakabanatuta: bonsaiak, Gundam robotak, cosplay argazkiak eta autore profesional ezberdinen ilustrazioak. Mota askotako tailerrak egon ziren ere, doakoak eta edonoren esku zeudenak: besteak beste, mahai-joko japoniarretan aritzen ikasteko tailerrak, sukalde tailerrak, marrazketa tailerrak edo origami —japoniar papiroflexia— tailerrak. Bideojokoen zaleek hainbat bideojoetan —Mario Kart 8, Mobile Suit Gundam: Extreme Vs. eta J-Stars Victory Vs.— aritzeko aukera izan zuten ere, bai partida askeetan zein torneoetan.

 

Ekitaldi interaktibo bat egon zen Azoka osoan zehar, gainera: Star Wars munduko hainbat pertsonai mitiko Azokatik paseatzen ibili ziren asteburuan zehar, Legión 501 deitutako elkartearen eskutik. Elkarte honek, LucasFilms-ek babesten duen bakarra mundu osoan —eta mundu osoatik dagoena, gainera—, zinema-kalitatezko Star Wars jantziak sortzen ditu 

eta horiek gertakizunen eskura ipintzen ditu helburu solidarioekin: izan ere, Legión 501k lortzen dituen etekin guztiak haurren gaixotasunak sendatzen saiatzen diren elkarteetara doaz, eta, 2013an, guztira, 32,8 milioi dolar eman zituen dohaintzan. Haiek ere postu bat zuten Azokan, eta bertako langileek izan ziren jantziei bizitza eman ziotenak. Gainera, jantzi horietako batzuk etorritakoek jantzi ahal izan zituzten, haiek ere Star Warseko “mutiko gaiztoetan” bihurtu ahal izateko.

 

Dena dela ere, Azokaren barrukaldeko egoerak eta bertaratutakoen iritziek ez dute kanpoan gertatutakoa isladatzen. Azokan sartzeko ilarak oso luzeak izan ziren bi egunetan, bai goizez zein arratsaldez, eta 15.000 pertsona Azokatik pasa baziren ere —aurreko markarik hoberena guztiz apurtuz—, askok sarrerarik gabe geratu ziren, eta, hortaz, sartzeko aukerarik gabe ere. Izan ere, txartel-leihatilak 17:30ak inguru itxi ziren larunbatean, eta horrek kanpoaldean zein sare sozialetan haserre handia eragin zuen, gehienbat, antolatzaileei zuzenduta. Haiek, ordea, ez zuten erabaki horrekin zerikusirik izan: Getxoko Kultur Etxearen erabakia izan zen hori, ez elkarteena. Izan ere, larunbatean, karpako edukiera, 3.000 pertsona ingurukoa, guztiz bete egin zen, eta Kultur Etxeak, beraz, sarrerak saltzeari uztea erabaki zuen, leihatiletan zeuden langileak etxera bidaliz. Azalpenek, dena den, ez zuten kanpoko jendetza asetu, eta kexak luzatu egin ziren; urtero gauza berdina gertatzen dela zioten askok.

 

Gainera, eta bisitari kopurua osoa altua izan bazen ere —eta ohikoa baino 30 hedabide gehiago etorrita ere—, Getxoko Kultur Etxeak etekinik ez du atera Azoka honetatik; diru-galerak izan ditu, alegia. Beste hitz batzuetan esanda, honek esan nahi du Azokak biltzen duen dirua baino gehiago kostatzen du. Askok diote gustatuko litzaiekeela Azoka leku handiago batean egingo balitz, baina Areetako plazan eginda galerak baldin baditu jadanik, leku garestiago batean egitea ez litzateke bideragarria izango.

bottom of page