top of page

Juan Carlos Pérez "Japoniara Bidaiatu" 

Aurtengo Getxoko Komiki Azokako eszenatokira igo zen lehenengo hizlaria Juan Carlos Pérez jauna izan zen, Nippon no Michi eta Nozomibashi japoniar kultura elkarteen sortzaile eta zuzendaria, baita Balentziako Ciclo Cultural JAPÓNen zuzendaria ere. Gainera, Gouketsu's Lair izeneko bloga darama, non, besteak beste, bideojokoei, animeari, mangari, Espainiako ekitaldiei eta kulturari buruz idazten duen.

 

Pérezen hitzaldia “Japoniara bidaiatu” zuen izena, eta, izenak berak esaten duen bezala, Japoniara bidaitzeari buruzko aholkuak eskaini zituen Pérezek Azokako lehenengo bisitariei: zer prestatu, nola bidaiatu, zer egin eta zer ez; guzti-guztia bidai seguru bat izatearen bila.

 

 

Esan zituen gauzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, bidaiei dagozkien aholkuak. Adibidez, Suica tren-txartelak erabiltzea gomendatzen zuen Pérezek, haiekin Japoniako interesgune gehien edo guztietara heldu daitekeelako eta txartela normalak baino askoz merkeagoak direlako. Suica txartelak atzerritar eta turistentzat egindako abonamendu-txartelak dira, eta, tren-txartelak izan arren, birtualki, edozein garraiorentzat daude egokituta gaur egun, Euskal Herriko Barik txartelak bezala. Haiek erabilita, gure bidaia asko merketu dezakegu, bidai-txartela moduan ez ezik, kreditu-txartela gisa ere erabili baitaitezke denda askotan.

 

Erosketak egin nahi dutenentzat, Pérezek mitoak apurtu zituen eta aholkuak eman zituen hemengo erosleak engainatuak ez izateko. Aipatu zuen, adibidez, Japoniako bigarren eskuko produktuen kalitate bikaina, bertan jendeak asko zaintzen baititu gauzak, eta besteak beste, esan zuen non erosi daitezkeen lehen eskuko produktu onak eta merkeak: elektronika erosteko, Akihabarara jotzea gomendatzen zuen, Shibuya eta 

 

 

Nakano merchandisingerako gomendatzen zituen bitartean. Gainera, Pérezek Super Potato moduko dendetatik aldentzea gomendatzen zuen, oso erakargarriak direlako, baina atzerritarrei ziria sartzeko eginda daudelako, prezio oso altuekin.

 

Baina Pérez ez zen gauza onetara mugatu bere hitzaldian. Japonia leku arriskutsua izan daitekeela utzi zuen argi, batez ere beste kulturetatik datozen pertsonentzat, bertan ikusi daitezkeen gauza asko harritu baitezakete Europako edo Amerikako etorkinak. Adibidez, Japoniaren kultura matxista salatu zuen, baita eguneroko bizitzan aurkitu daitekeen pedofilia ere: batez ere tren eta garraio publikoetan, badaude bertan ikasleak ukitu eta ukitu egiten dituzten gizon helduak, eta inork ez du ezer egiten hori gelditzeko. Gainera, nekez gertatzekoa bada ere, Yakuzarekin —japoniar mafiarekin, alegia— kontuz ibiltzeko gomendatu zuen, ez baitaude atzerritarrak uste dugun bezain ezkutuak. Horretaz aparte, japoniarrek ez dituzte beti begi onez ikusten atzerritarrak, eta, Pérezen hitzetan, “hipokritak” izan daitezke haiekin hitz egitean. Hala ere, izatez oso jende adeitsua direla japoniarrak gaineratu zuen, haien kulturaren parte baita hori. Adibidez, kalean norbaiti norabidea galdetuz gero, gehien-gehienetan, pertsona horrek eramango zaitu lekura, horra nola heltzeko keinuak egin ordez; beraz, kontuz ibili behar gara galdetzean, norbaiti eguna izorratu ahal baitiogulako.

 

Hitzaldia bizia eta interesgarria izan zen arren, arazo teknikoak agertu ziren hitzaldiaren erdian, gehienbat soinuarekin, eta Azokaren barruko zaratarekin, Pérezen hitzak aditzea zaila egiten zen batzuetan, soinua ondo zebiltzanean ozentasuna ikaragarria bazen ere. Arazo hauek hurrengo hitzaldietan errepikatu egin ziren noizean behin.

bottom of page